Edukira joan

Goierriko Hitza

Gaintza
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

;2008-11-28;EKONOMIA. LABek dio krisiaren aitzakian enpresek lan baldintzak murriztu nahi dituztela

LABek dio krisiaren aitzakian enpresek lan baldintzak murriztu nahi dituztela

Ekonomia Eskualdeko LAB sindikatuko ordezkariak Zaldibian bildu dira; langileak «aspalditik krisian» daudela diote.

arkaitz apalategi

Krisi ekonomikoa ahoz aho dabilen garai honetan, langileen egoeraren inguruan kezka agertu du LAB sindikatuak. «Izan ere, enpresariek euren etekinak berdin mantenduz, langileen eskubideak eta lan baldintzak murrizteko baliatu nahi dute eurek sortutako krisia». Horren harira, azkenaldian Goierrin bertan eta inguruetan izandako «kaleratzeak, soldatak izoztea eta laneko esplotazioa» aipatu zituzten, atzo Zaldibian egindako batzarrean. Bertan, Goierriko eta Tolosaldeko ehundik gora ordezkari sindikal elkartu ziren, gaur egungo egoera aztertu eta aurrera begira eman beharreko pausoak zehazteko.

Orain aipatzen den krisia dela eta, langileak «krisian aspalditik» daudela azaldu zuten LABeko ordezkariek. «Hazkunde ekonomikoaren garaietan ere halaxe egon gara; enpresarien gerria nola loditzen zen ikusten genuen bitartean, langileok gure soldatak pisua nola galtzen duen ikusi dugu». Baldintzak okertu izanari inork ez diola erreperatzen ere ohartarazi dute. «Orain denon lehentasuna enpresen irabaziak salbatzea omen da».

Administrazioari kritika

LABek gogor kritikatu du administrazio publikoak krisiaren aurrean hartu duen jokabidea. «Aplikatzen ari diren errezetek ez dute inola ere kontuan hartzen zein den arazo nagusia: ondasunen banaketa». Sindikatuaren ustetan administrazioaren krisiaren aurkako neurriak enpresarien aldeko eta langileen aurkako neurriak dira. Hala, enpresarien irabaziak ziurtatzen dituzten bitartean, galerak denen artean ordaintzea nahi dutela gaineratu dute. «Kapitalismoa birsortzeko beharraz hizketan ari diren bitartean, agintariek benetan egiten dutena ezkutatzen digute; politika publikoen eskutik galerak gizarteratzea eta etekinak pribatizatzea».

Hori guztia konpontzeko «borroka» egin behar dela dio LABek. «Eredu ekonomiko, sozial eta politikoaren aldaketa ezinbestekoa eta premiazkoa da». Euskal Herrian «denok ondo bizitzeko» behar adina aberastasun badagoela esan dute, baina aberastasuna «modu justu batean» banatu behar dela.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.