Edukira joan

Goierriko Hitza

Gaintza
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

;2008-11-26;AZPIEGITURAK. AHTren Goierriko hiru zati lizitatu ditu Jaurlaritzak

AHTren Goierriko hiru zati lizitatu ditu Jaurlaritzak

Azpiegiturak Beasaingo bi zati eta Legorretako bat izango dira hurrena hasiko dituztenak; guztira 9 kilometrotik gora.

erredakzioa

Eusko Jaurlaritzak Abiadura Handiko Trenaren Euskal Y sareko lau zati lizitatu ditu, horietatik hiru Goierriri dagozkionak. Goierriko lau udalerritan izango du obrak eragin zuzena: Beasainen, Ordizian, Itsasondon eta Legorretan. Zati horiez gain, laugarren bat ere lizitatu dute, Tolosakoa.

Guztira 245 milioi euroan emango dituzte obrak, eta Europako Inbertsio Bankuarekin 200 milioiko zorpetzea sinatzea ekarriko dio horrek Jaurlaritzari. Euskal Y deritzon AHTren trenbide sareko Gipuzkoako eraikuntza Eusko Jaurlaritzak du bere gain, eta otsailaren 28an hasi zuen orain lizitatu dituzten zatien esleipen prozesua.

Iñaki Betolaza Garraio sailburuordeak obrak ingurumenarekiko izango duen «begirunea» azpimarratu zuen, «legeak ezarritakoa baino neurri zorrotzagoak» aplikatuko dituztela ziurtatuz. Lau zatiek 11,5 kilometro izango dute luzean, eta %82 tuneletan joango da.

Goierrin lau zati esleituta

Euskal Y trenbidearen Gipuzkoako lanak Goierrin hastea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak, eta lanak apirilean hasi ziren, 2,8 kilometro luzeko tunela zulatzen hasiz. Orain beste hiru zati esleituko dituzte, Tolosakoarekin batera.

Goierriko eskualdea mendebaldetik ekialdera zeharkatuko du AHTren trenbideak. Zortzi udalerritatik igaroko da: Urretxu, Zumarraga, Ezkio-Itsaso, Ormaiztegi, Beasain, Ordizia, Itsasondo eta Legorreta.

Eraikuntza, berriz, zazpi zatitan banatu dute: Antzuola/Ezkio-Itsaso; Ezkio-Itsaso; Ezkio-Itsaso/Beasain; Beasain Mendebaldea; Beasain Ekialdea; Ordizia/ Itsasondo; eta Legorreta.

Goierriko zazpi zatietatik lau geratuko dira, beraz, gaurko lizitazioekin obra egiteko prest. Ordizia-Itsasondo (lanetan) eta Beasaingo bi zatiak eta Legorretakoa.

############

lizitatutako zatiak

Beasain Mendebaldea. 1.872 metro. %80 inguru lurpean egingo du. Zabalondo eta Ittola erreken gainean zubi bana egingo dituzte.

Beasain Ekialdea. 2.159 metro. Hau ere ia osorik lurpean egingo dute. Usurbe ibaian zubia egingo dute eta Mariaratzen lotuko dute Ordiziako zatiarekin.

Legorreta. 3.525 metro. 2,9 kilometro lurpean egingo ditu. Zubina eta Ugaran ibaien gainean zubi bana egingo dute.

Dagoeneko lanean

Ordizia-Itsasondo. 2.859 m. %98 lurpean. 50,4 milioiko aurrekontua. 31 hilabetean eraikitzeko epea. Iazko abenduan lizitatua.

############

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.