Edukira joan

Goierriko Hitza

Gaintza
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

;2008-11-26;GIZARTEA. Futbolariek ateratako idatziarekin bat egiteko sinadurak bilduko ditu Esaitek

Futbolariek ateratako idatziarekin bat egiteko sinadurak bilduko ditu Esaitek

Goierri Goierriko hainbat kirolarik eta Esaitek egin dute sinatzeko deia, eta iaz bezala kirolarien taldeko argazkia atera nahi dute.

iñaki gurrutxaga

Euskal Herriko futbolariek azaroaren 13an kaleratu zuten Nazio bat, selekzio bat, federazio bat agiriarekin bat egiteko sinadurak biltzen hasiko da Goierrin Esait, Euskal selekzioaren aldeko iritzi taldea. Horrez gain, eta iaz egin bezala, ahalik eta Goierriko kirolari gehien bildu, eta Ordizian taldeko argazki bat ateratzeko asmoa dutela iragarri dute. Bai argazki horretarako, bai abenduan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die Goierriko Esaitek eskualdeko kirolariei.

Goierriko Esaiteko kideek atzo iragarri zuten ekimen hori Ordiziako Altamira estadioan egin zuten agerraldian. Sinadura bilketari eta abenduan zehar egingo diren ekimenei babesa emanez, Goierriko zenbait kirolari lagun izan zituzten: Odei Lopez Legorretako pisu-jaurtitzailea, Mikel Gaztañaga Itsasondoko txirrindularia, Iñaki Azurmendi Arriarango aizkolaria, Pedro Garcia Ordiziako mendizalea eta Ordiziako nesken futbol taldeko bi ordezkari.

Iazko urratsari segiz

Euskal Herriko futbolariek kaleratutako agiriarekin bat egin dute Esaiteko kideek eta prentsaurrekoan bildutako kirolariek, eta iaz egindako «urratsari» segitzeko konpromisoa dute. Azaroaren aurreneko astean iragarri zuen Euskadiko Futbol Federazioak (EFF) abenduan Euskadi-Iran partida jokatuko zela Bilbon, eta iragarpen horri erantzuteko atera zuten idatzia futbolariek.

«Euskal futbolariok gure nazioa munduaren aurrean ordezkatzeko nahia eta borondatea argiki plazaratu izan dugu urtez urte antolatu izan diren lehiaketetan. Bide horretan eman diren pausoak nabarmenak izan dira, eta azken urratsa iaz egin genuen», dio agiriak. Horren arabera, futbolariek bizi duten errealitatea «haien nahi eta borondatetik urrun» dago, eta gogoratu dute Euskal Herri osoko futbolariak biltzeko futbol federaziorik ez dagoela.

Euskadi, «mamiz hustua»

Idatziak dioenez, EFFk ez ditu aintzat hartzen Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako taldeak, eta zentzu horretan ulertu behar da kirolariek iaz egin zuten urratsa, «hortik dator Euskal Herriko selekzioaren izena eta izana». Haien arabera, EFFri dagokio azaltzea zergatik erabaki duten atzera egitea, Euskal Herria izenetik Euskadi izenera pasatzea. Kirolariek diotenez, EAEko federazioek ez dute borondaterik federazio nazional baten alde urratsik egiteko. «EAEko instituzioek Euskadi hitza mamiz hustu dute».

Kirolariek nabarmendu dute atzera egiteko prest ez daudela, federazioari dagokiola egindako «atzerapausoa» zuzentzea. «Hala ez bada, gu ez gara partida jokatzera joango», zehaztu dute.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.