
Triatloiko talde berria sortu dute Urola kirol elkartearen barruan
Goierri Atletismoa, igeriketa eta txirrindularitza batzen dituen kirolak afizionatu ugari ditu bailaran.
miriam luki
Goierri garaia bailarako hogeita bost-bat kirolari elkartu dira Triatloi taldea sortzeko. Igeriketa, txirrindularitza eta atletismoa batzen ditu triatloiak, eta sortu berri den elkarteko kideen arabera bailaran kirol hori egiten dutenen zenbatekoa asko igo da azken urteotan. «Bakoitza bere kasa ibili eta gero, taldea sortzea pentsatu genuen».
Taldea Urola Kirol Elkartearen barruan sortu dute. «Urolan duela 22 urte triatloi saila eratu zuten, eta hura berpiztea egokiena zela uste izan dugu». Urretxuko eta Zumarragako udalen laguntza jaso dute eta Legazpiko Udalarena jasotzea ez dute baztertzen.
Kirol horretan aritu nahi dutenei erraztasunak eman nahi dizkie elkarteak, «eta beste kirolariengan hiru kirol hauek sustatu, batez ere gazteengan».
«Maila handia»
Urola Garaian kirol horietan «maila handiko kirolari afizionatuak» daudela azpimarratu dute egitasmo berriaren sortzaileek. Horregatik, sortu berri duten taldearen bitartez kirolariak batu eta kanpora Urretxuren, Zumarragaren eta Legazpiren izenean lehiatzera joateako asmoa dute.
«Bakarkako kirola den arren beharrezkotzat jotzen dugu talde lana kirolarien motibazioa eta ilusioa piztuta mantentzeko».
Abian jarri duten taldearen helburu nagusienetakoa gazteei aisialdirako beste aukera bat eskaintzea dela diote. «Kirol desberdinak batzen dituen kirol honetan aritzeko, adibidez, entrenamenduetarako laguntza emateko prest gaude».
Proiektuak
Beste helburuetako bat triatloi eta duatloi lehiaketetara joateak suposatzen duen gastuei aurre egiteko oinarrizko laguntza ekonomiko «sendoak» lortzea dela nabarmendu dute taldeko kideek. «Parte hartuko genukeen lasterketa nagusiak triatloiko eta duatloiko euskal zirkuitukoak izango lirateke».
Euren taldea pentsatu duten bezala martxan jartzeko babesleak aurkitzen badituzte, proiektu ugari dituzte buruan. Tartean, Urola Garaian triatloi edo duatloi bat antolatu, beheko kategorietako kideak erakarri eta taldeak osatzea eta Euskal Herria mailan erreferentea izan daitekeen taldea sortzea. Taldean kide beteranoak daude, seniorrekoak ere bai eta baita heziketa fisikoan ikasketak dituzten kideak ere. «Hori guztia talde indartsu bat osatzeko lagungarri izango zaigula uste dugu».
Zinema
'Los girasoles ciegos' filma
ATAUN, Herri antzokian - 2009-01-09
Erakusketa
Gabonetako Postalen erakusketa
LEGAZPI, Kultur etxean - 2008-12-19
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.