
Iker galparsoro ðGoiekiren zuzendari-kudeatzailea
«Zaharragoek badakite zer egin krisi garaietan, estutu eta eutsi»
Ekonomia Datorren urtea «gogorra» izango dela jakitun, goierritarrei «konfiantza» edukitzeko eskatu die Galparsorok, Goiekiren kudeatzaileak.
iñaki gurrutxaga
Orain sei urtetik da Iker Galparsoro (Ordizia, 1969) Goieki garapen agentziaren zuzendari-kudeatzailea. Azken urteetan ekonomiaren goranzko joera ezagutu du, gizarteak bezalaxe, baina orain krisiari aurre egitea egokitu zaio. Baikor dago hala ere, eta mezu horixe helarazi nahi dio gizarteari.
Goiekin nola ari zarete bizitzen ekonomia krisia? Zer mailatan ari zarete hizketan?
Goiekin beti saiatu izan gara enpresetatik gertu egoten, jakiteko zer behar dituzten eta ahal badugu edozein krisi garairi aurre hartzen. Hori beti egin dugu, eta ez orain krisi garaia dagoelako. Azkeneko urteak oso onak izan dira, eta aurtengoa ez da txarra izango, baina aldaketa txiki bat aurreikusten da. Aldaketa hori ez dakigu krisialdiaren ondorio den, krisia mundu mailakoa baita. Momentuz gauzak ez daude gaizki, baina ondo ere ez.
Aldaketa aipatzen duzunean, zer esan nahi duzu?
Goierrin enpresa ezberdinak dauzkagu, sektore ezberdinetan lan egiten dutenak. Zorionez, horietako enpresa handi batzuk ondo daude, lana daukate datozen urteetarako. Beste batzuk lan falta hori nabaritzen hasi dira, eskaera falta dute. Epe motzeko, hilabete batetik besterako eskaerak dituztenak dira lan falta hori sumatzen ari direnak. Bi edo hiru urterako eskaerak dituztenak ez dute lan falta hori nabarituko, baina igoal bai hemendik urte batzuetara.
Non sumatzen dira ahuluneak?
Automozioa nahiko gaizki dago, baina hemen ez dauzkagu enpresa asko horretan aritzen direnak. Eraikuntzari lotutako sektoreak ari dira gehiena nabaritzen krisia, kontsumoari lotutakoak. Fagorri zer gertatzen ari zaio? Etxeak egiten ez badira ez dituzte etxe-tresnak saltzen, eta gauza bera gertatzen zaie etxeko tresnekin lan egiten duten denda txikiei ere. Kate bat da dena. Hemen sekretua eustea izango da, ziklikoa delako.
Noiz arte iraungo du atzeraldi ekonomikoak?
Analistek diotenez datorren urtearen bukaeran hasiko zaio egoerari buelta ematen. Azkeneko 70 urteetan atzeraldiak egon direnean bi edo hiru hilabete iraun izan dute, urtebetera ez dira inoiz iritsi. Oraingoan ere baikorrak izan behar dugu, baina datorren urtea gogorra izango da, aurtengoa baino gogorragoa. Ez da alarmarik sortu behar, baina jendeak jakin behar du egoera ez dela ona.
Zertan antzemango da, bada, okertze hori?
Ez dut espero muturreko egoera batera iritsiko garenik. 1980ko hamarkadan krisi izugarria izan zen Goierrin, 3.300 lanpostu galdu ziren. Hemen ere hasi da. Jasoko kasua gizarteratu egin da. Beste enpresa batzuen kasua ez da kaleratu, baina langile batzuk soberan daudela ikusi da, enpresetan mugimenduak daude... Orduan, gerta daitekeena da horrelako kasuak areagotzea, eta enpresa batzuk gaizki pasatzea.
Zer enpresa mota izango dira?
Enpresa handientzat lan egiten duten enpresa txikien kontua izan daiteke, igoal lana bukatuko zaielako. Batzuek eutsi egingo diote, eta beste batzuek ez. Hori nabarituko da seguru asko, eta egoera txarra denean zuhurrago jokatzen du jendeak.
Horren aurrean, Goiekik neurriren bat hartu behar du?
Momentu honetan ikusten dugu tailer txikiak ondo ari direla lanean. Horietako batzuei, sektoreen arabera, lan karga gutxituko zaie beharbada, baina gainontzean ondo daude. Abenduaren 4rako Goierriko industri enpresa txikiei bilera baterako deia egin diegu. Berrehun inguru dira. Hausnarketa bat egiten hasi nahi dugu haiekin, etorkizuneko beharrak aztertzeko. Haien arteko elkarlana ere bultzatu nahi dugu; izan ere, bakoitza nahiko independente aritzen da lanean, eta askotan aukera asko galtzen dira batera lan egiten ez dutelako.
Elkarlanaz gain, berrikuntzaren aldeko apustua egiteko eskatzen diezue enpresei, lehiakorrak izango badira.
Enpresa asko betidanik ari dira berrikuntza etengabean, bestela ez zuketen bizirik iraungo. Enpresa handiek nahiz txikiek segi diezaiokete berrikuntzaren bideari, berrikuntza ez baita produktu teknologiko berri bat egitea soilik. Kudeaketan, antolaketan, produkzioan... ere aplika daiteke berrikuntza. Poliki-poliki kultura hori zabaldu nahi dugu, hitz potolo horiei beldurra galdu, eta aurrera begiratu.
Industria sektorea da Goierrin aberastasun ekonomikoaren sortzaile, eta familia askoren sostengu. Baina zerbitzuen sektorea eta lehen sektorea beheraka doala sumatzen da. Hala da?
Tradizioz, industria da Goierriko sektore nagusia. Tradizioz lehen sektorea ere badugu, baina zoritxarrez beheraka doa, eta gero eta jende gutxiagok lan egiten du sektore horretan. Zerbitzuen sektorea ere garatu da, baina ez hainbeste. Hiriburuetan indartsuagoa da sektore hori. Goierriri balio erantsia emango dioten zerbitzuetarako enpresak sortu nahi ditugu Goierriko Berritzegunearekin.
Zer nolako enpresak izango dira?
Industriari zerbitzua ematen dioten enpresak izango dira. Dibertsifikazioa bilatzen dugu. Azken urteetan tailer asko sortu dira, baina bestelako enpresa teknologiko horiek sortzearen alde egin nahi dugu, gure beharretara egokituta. Ikasketa maila altua duten pertsonentzako lanpostuak sortuko dira.
Turismo datuak ere onak izan dira aurten?
Turismo asko ez daukagu hemen, baina daukaguna igo egin da. Eta ez da igo jende gehiago etorri delako, baizik eta etorri den jendeak egun gehiago pasa dituelako hemen, edo diru gehiago gastatu duelako. Goierriko barne produktu gordinaren %6 suposatzen du turismoak, industriak %60.
Azken hamar urteetako langabezia tasa altuena dago gaur egun Goierrin, %6,39. Zer balorazio egiten duzue?
Kezkatzekoa da. Beste leku batzuekin alderatuta ez gaude gaizki, baina aurreko urteekin alderatuta, datua ez da batere ona, azken hamar urteetako okerrena da.
Eta zein sektoretan?
Hasiera batean pentsatzen genuen industrian izango zela, edo eraikuntzan, baina datuak aztertuta ikusi dugu zerbitzuetan gertatu dela gehiena, erdia baino gehiago: komertzioetan, jatetxeetan, tabernetan, banketxeetan, aseguru etxeetan... Sakonki aztertu beharreko datua da, eta eboluzioari ere jarraipena egin beharko diogu.
Orduan, goierritar guztiei dagokie hausnarketa egitea krisiari aurre egiteko garaian.
Baietz uste dut. Gure aukeren gainetik bizi izan garela uste dut, eta horrelako krisialdi batek halako galderak egitea behartzen gaitu. Gu baino zaharragoak direnek bizi izan dituzte horrelakoak, eta haiek badakite zer egin behar den: estutu eta eutsi. Eta pasatzen denean, aurrera segi. Egoerari eutsi ezin diotenei, enpresa itxi egin behar izan dutelako edo langabezian gelditu direlako, beste bide batzuk bilatzen lagundu beharko diegu. Gure lana hori da, krisiak ahalik eta gutxien eragitea goierritarrei, eta eragiten badie beste bide batzuk bilatzen laguntzea. Hala ere, baikor nago, eta konfiantza badaukat aurrera aterako garena.
############
«Ez da alarmarik sortu behar, baina jendeak jakin behar du egoera ez dela ona»
############
############
«Langabezia tasaren igoera kezkatzekoa da, azken hamar urteetako daturik okerrena da»
############
Zinema
'Los girasoles ciegos' filma
ATAUN, Herri antzokian - 2009-01-09
Erakusketa
Gabonetako Postalen erakusketa
LEGAZPI, Kultur etxean - 2008-12-19
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.