
Goierri Irratia edukiz beteko dute abendutik aurrera
Goierri Abenduaren 1etik aurrera magazine bat egingo dute goizetan; Goierri Telebistaren webgunea ere berritu dute.
iñaki gurrutxaga
Abenduaren lehenetik aurrera Egun on Goierri izeneko irratsaioa egiten hasiko da Goierri Irratia, 10:00etatik 12:00etara, eta iluntzeetan, 20:00etatik aurrera, errepikapena aireratuko dute. 107.0 FM frekuentzian aditu daiteke Goierri Irratia, eta azken hilabeteetan bezalaxe, irratsaiorik ez dagoen tartean musikarekin beteko dute. Goierri Telebistaren parte da irratia, eta ez da aurkeztu duten nobedade bakarra, webgunea bera ere berritu baitute.
Jon Aldanondo Goierri Telebistaren zuzendari-kudeatzaileak, Nuria Perez telebistaren marketin eta publizitate arduradunak eta Mikel Alvarez Goierri Irratiaren arduradunak eman zuten atzo berrikuntza horien guztien berri.
Orain bost urte Goierri Telebista sortu zutenetik tokiko irrati bat sortzeko asmoa beti izan dutela gogoratu du Aldanondok. «Horretarako frekuentzia legal bat eskatzen hasi ginen, eta Beasaingo Udalak eman digu aukera hori».
Lokaltasuna eta modernitatea
Bi zutabe nagusi izango ditu abenduaren 1etik aurrera edukiz osatuta aireratuko den irratiak. Alvarezen esanetan, lokaltasuna eta modernitatea dira bi zutabeak. «Batzuetan elkarrekin borrokan aritzen diren kontzeptuak dira horiek. Gure ustez posible da tokiko irrati bat egitea, baina aldi berean modernoa izatea, XXI. mendekoa, eta noski, euskaraz».
Goizeko magazine horretan musika, aktualitatea eta umorea landuko dituzte, eta era berean, Goierri Telebistak duen informazioa baliatuko dute informazio buletin bat egiteko. Kolaboratzaile sare bat ere osatu dute. «Irratia interaktiboa da, eta jendeak parte hartzea beharrezkoa da». Helbide elektroniko bat sortu dute horretarako: info@goierri-irratia.com.
Webgunea berrituta
Ordiziako ACV Multimediak berritu du Goierri Telebistaren webgunea (www.goierritelebista.com). «Gurea irudia eta soinua dela adierazi genien, eta gure bideoak erraz igo eta jendeak jaisteko erreminta bat sortu dugu. Webguneak oso itxura ona du, oso garbia da, eta bideoan zentratua», nabarmendu du Jon Aldanondok. Haren esanetan, 7.000-8.000 lagun inguru sartzen da hilean webgunean. «Jendeak erabili egiten du». Goierritik kanpo bizi diren goierritarrei ere bideoak ikusteko aukera eman nahi diete hala.
############
goierri irratia
107.0
frekuentzia. Goierri Irratiaren legezko frekuentzia FM-n.
Programazioa
Goizetan. 'Egun on Goierri' magazinea, 10:00etatik 12:00etara.
Iluntzeetan. 'Egun off Goierri', goizekoaren errepikapena, 20:00etatik aurrera.
Egun guztian. Musika.
############
############
Bost urte eta gero, egoitza berria
Goierri Telebistak bost urte bete ditu, eta proiektu berriekin batera egoitza berria estreinatuko dute datorren urtarrilean.
i. gurrutxaga
Goierri Telebista 2003ko irailean hasi zen emititzen, kable bidez. Orduan, Beasainen eta Ordizian soilik ikus zitekeen, baina 2004ko urtarrilean uhin bidez emititzen hasi ziren, Goierri beheko gainerako herrietara zabalduz. Datorren urteko urtarrilean, beraz, bost urte beteko ditu.
Urteurren hori dela eta, urtarrilean festa moduko antolatuko dute Goierri Telebistako kideek, Nuria Perez marketin eta publizitate arduradunak aurreratu duenez. «Goierritarrekin batera ospatu nahi dugu festa hori, bezero, eragile sozial, eta Goierriko kultur eta kirol elkarteetako ordezkariekin. Bost urte hauetan haiekin izan dugun elkarlana eskertu nahi diegu festa horrekin, eta bide batez, telebistaren egoitza berria erakusteko aprobetxatuko dugu eguna».
Egoitza berria, Mallutz 29an
Goierri Irratia sortzearekin batera, txikia geratu zaie telebistakoei orain arte Mallutz 18an zuten egoitza, eta urtarriletik aurrera Mallutz 29an izango dute egoitza berria, Goiekiren lehengo bulegoen beheko solairuan. Edizio eta erredakzio gela bateratua, publizitate eta marketin bulegoa, administrazioa, irratia eta plato txiki bat jarriko dituzte bertan.
############
Zinema
Zine Kluba
LEGAZPI, Latxartegi aretoan - 2009-01-09
Erakusketa
Gabonetako Postalen erakusketa
LEGAZPI, Kultur etxean - 2008-12-19
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.