
Gizartea ðð Euskal Herrira datozen etorkinentzat harrera gida argitaratu du UEMA udalerri euskaldunen mankomunitateak; Goierriko sei herritan banatuko dituzte eskuorriak.
Etorkinentzako harrera gida
arkaitz apalategi
Noraezean eta erabat galduta. Horrela sentitzen dira etorkin asko euren herrialdea eta familia atzean utzi eta lurralde berri batera iristen direnean. Nondik hasi? Nora jo? Arrotza zaien gizarte eta hizkuntza batean egokitu behar izaten dute, eta benetan gizarteratzeko, laguntza behar izaten dute.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), etorkin hauei harrera egiteko materiala landu eta kaleratu du. Eskuorri baten bidez, etorkinei oinarrizko informazioa eskaini nahi diete honela, nora jo eta bizimodua nondik hasi jakin dezaten. Azken batean, herrialde berrira ahalik eta modurik errazenean egokitu daitezen.
UEMA mankomunitatea osatzen duten 55 herrietan banatuko dute material hau. Goierriko sei herri daude UEMAn: Altzaga, Arama, Gaintza, Itsasondo, Zaldibia eta Ezkio-Itsaso. Sei herriotan jaso ahal izango dute informazioa etorkinek hilabete honetatik aurrera.
Eskuorri hauen bidez, «Euskal Herrira datozen etorkinek eman beharreko pausoen eta dauzkaten zerbitzuen berri» jasoko dute, UEMAko arduradunek azaldu dutenez. Hala, udal bakoitzerako karpetak prestatu dituzte. Batetik, «etorkinei nora etorri diren erakutsiko zaie». Ongietorria emanez, bi hizkuntzatan idatzitako testu bat jasoko dute. Horretarako, hizkuntza ezberdinak jasotzen dituzten eskuorriak landu dituzte (errumaniera, frantsesa, ingelera, portugesa, arabiera eta ameriketako gaztelera). Testu honetan, Euskal Herriko berezko hizkuntza euskara dela azaltzen zaie etorkinei, eta hizkuntza hau ikasteko aukerak dituela, «horretarako bere ohiturak, hizkuntzak eta kultura alde batera utzi beharrik izan gabe».
Ongietorri gutun honekin batera ordea, etorkinentzako informazio praktikoa ere eskainiko dute UEMAko kide diren 55 udalerrietan. Batetik, erroldatzeko eman beharreko pausoak eta gizarte zerbitzuei buruzko argibideak jasoko dituzte etorkinek. Azken orrialdean berriz, herri bakoitzeko informazio zehatza jasoko dute.
Ekitaldi pedagogikoak
Kanpaina honekin batera, UEMAk eta Topaguneak, «kulturartekotasuna biltzaten duen ekitaldi pedagogikoen programa» landu dute elkarlanean. Hamabi ekitaldiz osatutako programa honek, kulturen arteko loturak indartzeko hainbat saio bilduko ditu, tartean ipuin kontaketak, antzerki saioak eta tailerrak izango dira, denak, etorkinen integrazioan oinarrituta.
Helburu hauekin jarraituz, euskalduntze prozesuan lagunduko duen gune bat lantzen ere ari dira UEMA eta Topagunea. Horretarako, aurretik izan diren hainbat esperientzia hartuko dituzte kontuan, hala nola, Goierriko hainbat herritan ere egin den Mintzalaguna ekimena, edota Katalunian landu diren integraziorako beste programa batzuk.
Euskara ikastaroak
Azkenik, UEMAko herrietan, euskara ikastaroak antolatu dituzte bertakoentzat zein etorkinentzat. Hauen inguruko informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko, herri bakoitzeko udaletxeetara jo behar da.
Zinema
Zine Kluba
LEGAZPI, Latxartegi aretoan - 2009-01-09
Erakusketa
Gabonetako Postalen erakusketa
LEGAZPI, Kultur etxean - 2008-12-19
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.