Edukira joan

Goierriko Hitza

Gaintza
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

;2008-01-23;AZPIEGITURAK. Zazpi etxebizitza eta udal zerbitzuak izango dituen eraikina egin nahi dute

Zazpi etxebizitza eta udal zerbitzuak izango dituen eraikina egin nahi dute

Gaintza Udaleko eta Foru Aldundiko ordezkariek herria bisitatu eta proiektu nagusien inguruan hitz egin zuten atzo.

a. maiz - a. apalategi

Zazpi etxebizitza berri eta udal zerbitzuak bilduko dituen eraikin bat egiteko asmoa du Gaintzako Udalak. Atzo Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunekin bildu ziren Gaintzako alkatea eta lau zinegotziak, proiektu hori eta beste asmo batzuk azaltzeko. Eraikina egiteko milioi eta erdi euroko aurrekontua erabiltzea aurreikusten da. Inazio Garmendia alkateak azaldu duenez, «proiektu hau da gure helburu nagusietako bat, baina gu bakarrik ez gara gai horrelako aurrekontu bati aurre egiteko». Diru laguntzak jasotzeko moduak ari dira aztertzen.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia Gaintzan izan zen atzo, Rafael Uribarren eta Carlos Ormazabal diputatuekin batera. Etxebizitzak eta udal zerbitzuak bilduko dituen eraikinaren inguruan hitz egin zuen udal ordezkariekin. Garmendiaren hitzetan, «udaletxea bera zaharkituta gelditzen ari da, eta irisgarritasun arazoak ditu. Zerbitzuak emateko lokalak behar ditugu», azaldu zuen. Hain zuzen ere, zerbitzu horientzako lekua egingo lukete eraikinean, eliza ondoan dagoen etxea berrituz. Liburutegia, epaitegia, medikuaren kontsulta eta KZgunea hartuko lituzke.

Etxebizitzen beharra

Garmendiak herriaren egoera azaldu zien Aldundiko arduradunei, eta «etxebizitza berrien beharra» dagoela azpimarratu zuen. Lehentasuna herrikoei eman nahi diete, eta gero, eskariaren arabera zabalduko lukete eskaintza. Markel Olanok ere «etxebizitzena arazo larria» dela azaldu zuen, «batez ere herri txikientzat». «Gaintzak 130 biztanle ditu, eta gehiago balira hobe», zioen Olanok. Gainera, «bertako jendeak herrian gelditzeko aukera» izan behar duela azaldu zuen.

Olanoren ustez, «udal bakoitzak ikusi behar du nolako herria nahi duen», eta proiektuak ezagutzeko lehen lan-bilera gisa jo zuen bisita. Baina herri txiki askotan, proiektuak izan arren, ez dute aurrera eramateko baliabiderik izaten. Arazo horren aurrean, «Aldundiaren lana herri txikiak babestu eta proiektu horiek laguntzea» dela azaldu zuen.

Markel Olano herriz herri egiten ari den bisiten helburua herri bakoitzaren beharrak eta proiektuak ezagutzea da. Hurrengo pausoa erronkak zehaztu eta proiektu bakoitza dagokion sailera bideratzea dela azaldu zuen.

Arau subsidiarioak

Behin proiektuak egiteko diru laguntzarik dagoen zehaztutakoan, hurrengo pausoa arau subsidiarioak onartzea izango da. Garmendiaren arabera, «etxebizitza aldetik arauak agortuta gelditu dira, eta berritu beharra dago». Aurrena herriaren beharrak aztertzen ari dira, eta laster hasi nahi dute arauak berritzeko prozesua.

Bestalde, 2008rako udal aurrekontuak ere proiektu horiek zehaztutakoan egingo dituztela azaldu du alkateak.

Apaizetxearen erabilera

Gaintzako Udalak urte honetarako duen beste asmoetako bat apaizetxea berritzea da. Inazio Garmendiak azaldu duenez, «apaizetxea nahikoa hondatuta dago, eta beste erabilera bat eman nahi diogu». Aurrena ingurua eta atariko jolas parkea berrituko dituzte. Ondoren Elizarekin hitz egin nahi dute, bertan zer egin daitekeen aztertzeko.

Atzoko bisitan, udaletxea eta apaizetxea bisitatzeaz gain, besteak beste, haurtzaindegia ere ikusi zuten Udaleko eta Aldundiko arduradunek. Olanorekin batera Rafael Uribarren Landa Garapenerako diputatua eta Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorrerako diputatua ere izan ziren. Saneamendu aldetik egin diren lanak aipatu zituzten. Hoditeria berritu eta Zaldibiako kolektorearekin lotura egin da.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.