
2008-01-22 | 14:02:07
Gaintzako apaizetxea udal zerbitzuetarako egokitzea da aurtengo proiektu nagusia
Eraikina zabaldu eta zazpi etxebizitza egiteko asmoa du Udalak
Gaintzako Udalak legegintzaldirako zehaztu dituen proiektuen artean apaizetxea eskuratu, berritu eta zenbait zerbitzu jartzeko egitasmoa da pisutsuena. Hala adierazi du gaur Inazio Garmendia alkateak, Foru Aldundiko hiru diputaturen bisitan. Zazpi etxebizitza egiteko asmoa ere badu Udalak, eta proiektua aurrera eramateko laguntza ezinbestekoa izango dutela agertu du.
Apaizetxean (Gaintzako plazan, elizaren alboan dago) eraberritze eta egitasmo handiak egiteko plana du Udalak. Ikus-entzunezkoen aretoa, erabilera askotarako gela eta udal bulegoak bertan jartzeko nahia agertu du Garmendia alkateak. Ostatutarako ere gelak egokitzea da asmoa. 1.800 metro koadro ditu apaizetxeak. Eskuineko zatia zazpi etxebizitza egiteko erabiliko lukete, etxea luzatuz. Udal promozioa burutzeko ere baliabiderik ez duela adierazi die alkateak Markel Olano diputatu nagusiari, Rafael Uribarren Landa Garapenerako diputatuari eta Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorrerako diputatuari, Gipuzkoako herri guztiak bisitatzeko zerrendan Gaintza egokitu baita gaur eguerdian.
Gaintzako alkateak, udalbatzako beste lau zinegotziek lagunduta, Udalak esku artean dituen edo gauzatu nahi dituen proiektuen berri eman die diputatuei. Haurtzaindegia, etxebizitza beharra, bisitarientzat ostatu zerbitzua... aipatu dituzte.
Kale Txikin eraiki dituzten bost etxebizitza berriak jada bukatuxeak daude (oraindik hiru saltzeke daude). Ur zikinen saneamendu sarea Zaldibian kolektore orokorrarekin lotzeko lanak aipatu ditu Olanok, nekazaritza eremuetan ere garrantzia handia duen gaia dela nabarmenduz. Diputatuek lehen lan-bilera gisa hartu dute bisita, eta dauden beharrak eta egiteko asmotan diren proiektuak jakindakoan, Diputazioaren dagokion sailei bideratuko dizkietela aurreratu du Markel Olanok. "Etxebizitza arazoa larria" dela gaineratu du: "Gaintzak 130 biztanle ditu, eta gehiago edukitzea hobeto litzateke. Bertako herritarrak bertan bizitzen geratzeko aukera izan behar du".
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Diputatuak eta Gaintzako udalbatza osorik, Gaintzako plazan, gaur eguerdian.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.